Axut! Kolektiboa Hazi Gazian kokatuko da

Antzerki konpainiak hiru urtez baliatuko ditu Zokoburuko Hazi Gaziaren lokalak, euskal kulturaren ekosistema osoa garatu eta sustatzeko.

Zergatik hautatu duzue Hendaian kokatzea?
Ximun Fuchs (X. F.) — Argi Perurena taldekidea hendaiarra da eta jadanik arituak ginen hemen. Bagenekien Borderline Fabrika ireki ondoren leku bat geratuko zela libre eta oso interesgarri iruditzen zitzaigun hona etorri eta euskaraz esperimentazio uneak sortzea. Alde batetik, oso gogo pizgarri zaigu mugaren sinbolismoa; beste aldetik, eskualde hau oso aberatsa da istoriotan, itsasoarekin, herri barnearekin, kaiarekin, auzoekin, hala nola Intzura… Oso leku aberatsa da! Hainbeste leku dago gauzak ateratzeko ezen hiru urte ez baitira aski izanen! Bestalde, Axut! Kolektiboa Euskal Herri osoan aritzen da eta eskaintzen zaigun aberastasun hau baliatzen dugun bezala, gure ezagutza, gure sareak eta gure esperientzia partekatu nahi genuke Hendaiarekin.

Zein interesgune nagusi ukanen ditu zuen hemengo lanak?
(X. F.) — Axut! Kolektiboaren interesgune berberak izanen dira. Hau da, lehenik eta behin, sorkuntza, gero, pedagogia, irakasleekin, ikasleekin eta hezkuntzaren inguruan aritzen diren elkarteekin lanean, eta azkenik, herrigintza, euskal kultura kidego edo ekosistema bat eraikitzea eta tokiko partaideekin elkarlanean aritzea, ororentzat -baita Hendaiatik kanpo ere- koherente liratekeen tresnak sortzeko.

Ikasleak aipatu dituzu. Baduzue formularen bat gazteak kulturara erakartzeko?
(X. F.) — Galdera alderantziz egin beharko litzateke: nola kultura gazteengana ekarri? Ez da Hendaian bakarrik horrela, mundu osoan baizik. Iruditzen zait nahasten garela gazteak jadanik baden leku batera sartu nahi baditugu, haientzako lekua egin ordez. Onartu behar da gazteek beren kultura, beren erratekoa, beren lekua ukan ditzaten. Gazteei duten kultura interesatzen zaigula adierazi behar zaie, ez dutela haiek kulturaren mundura sartu behar, baizik eta kultura munduak haientzako lekua atzeman behar duela. Behin hori ulerturik, errazago izanen zaigu dena.

Egungo kultura alorretik atera gabe, eginen zeniguke garen lekuaren azterketa bat? Nora goaz?
(X. F.) — Pandemiak gauzak zaildu dizkigu eta euskal kultura bihurgune batean dela iruditzen zait. Orain arte, kultura sorkuntza elkarteen esku zen batez ere, tokiko bolondresen esku, artista amateurren esku. Haiek egin dituzten ahalegin ikaragarriak gabe ez legoke orain euskal kulturarik. Orain, haratago behar da joan, atxiki behar dugu eta zabaldu, euskal kultura profesionalari beste kulturei ematen zaizkien baliabideak emanez. Pentsaerak aldatu dira. Bada bultzaka ari den belaunaldi berria, gauzak bestela egin nahiz. Baina lehenik kultura kidego bat osatu behar da, oinarri sendoekin, eta jendeak beren kulturaz jabetu daitezela.

Azkenik, Axut! Kolektiboa dugu Euskal Hirigune Elakrgoarekin, Eskualdearekin eta Departamenduarekin hitzarmena sinatu duen lehen antzerki konpainia. Erakundeen sostengua ukaitea garrantzitsua da, baina erantzukizun handia da ere!
(X. F.)— Bai, hala da. Gehienetan, halako hitzarmenak kultura eragileekin sinatzen dira eta gutxitan antzerki konpainiekin. Axut! Konpainiaren indarra aldi berean sorkuntzak eta kultura sustapenak egiten dute. Zenbait tresna eta leku sortu dugu, hala nola Harri Xuri eta Hameka. Erakundeek gure irudia baliatzen dute. Guk, eskaintzen zaizkigun baliabideak ahal bezain ongi baliatzen ditugu. Hartzen dugun sostengua maiz sinbolikoa da. Baina badugu sinbolismotik ekonomiazko sostengura eta erakundeen sostengura pasatzeko garaia. Hitzarmen hori lehen ekintza zehatza zaio konpainiari.

Navigation de l’article