Carmela Acuyo, Vendaval konpainiaren zuzendari artistiko eta koreografoaren asmoen oharra
Zer gertatzen da ate-leihoen bestaldean? Ez dakigu, ezin jakin, ez da halakorik jakin behar, deus ez da gertatzen, guztia ongi doa…
Badira hitzek baino gehiago adierazten duten isilaldiak. Badira behartuak diren irribarreak, begitarte zuhail edo makilatuegiak, mehetasunak, lorik gabeko gauez mintzo diren betondoak, beldur ikarak, arrazoi argirik ez duten dardara eta ikaraldiak. Eta badira ubeldura ezkutuak, garrantzirik ez omen duten pupuak, ate baten kontra jotzeagatik edota eskaileretan erortzeagatik, behaztopa eginik edo, lerratuz edo moztuz besterik ez baitira egin «Ai, zein naizen trakets!»
Hitzek hainbeste gauza ezkutatzen baitigute…
Bleu Silence (Isiltasun ubela) antzerki dantzazko proiektua da 5 emazte dantzari eta bi gizon dantzarirentzat, ezkontideen arteko indarkeriaren gaiari buruz. Gure erronka indarkeriaz indarkeriarik gabe mintzatzea izanen da, bidaia oniriko batean partitzea, amesgaizto sotil eta estetikoki eder-eder batean… Irudimena baliatuz emazte eta gizon horiek harrapatu dituen kate emozional eta psikologikoa erakustea.
Bleu Silence obrarekin, barnekoa karrikara jalgiarazi nahi nuke. Ate-leihoen bestaldean gorderiko intimitate horiek erakutsi eta, batez ere, isiltasunak erakutsi, bai eta hitzen eta irribarreen gibelean dagoena.
Bleu Silence obrarekin, lagundu nahi nuke, sinpleki, ene lanbidearen bidez, salaketa lan horretan, prebentzio eta informazio lan horretan, jadanik egiten den baina aski ez den lan horretan.
Karrika arteak gizarte alor anitzetara hel daitezke. Komunikabide harrigarria da, zuzeneko ikuskizun bizia baita… Halatan, enetzat «bizirik» izatea emozioak sortzeaz gain, hausnarketa ere sortzeko gai izatea da.
———————-
Hendaiako Herriko Etxeak Frantzia aldeko Tolosako Vendaval dantza konpainiaren “Bleu Silence” sorkuntza berria sostengatzea erabaki du. Carmela Acuyo koreografoak, bere ikuskizun orotan egin ohi duen gisara, engaiamendua hartzen eta gai azkar eta egungoak lantzen ditu. Oraingo ikuskizun honek bikoteen barneko indarkerien gaia landuko du.
Herriko Etxearentzat proiektu honek duen interesa: arte obra batean oinarriturik, gai horri buruz informazioa ematea, eztabaida sortzea eta mintzatzera bultzatzea.
Herria, bestalde, azkarki engaiatua da gai horretan, izan ere, Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako bere Tokiko Kontratuaren (CLSPD), lan ildoetako bat emakumeei eragin indarkerien aurkako borroka baitu.
Konpainia hori hainbat eta hainbatetan hartuko dugu Hendaian sorkuntza egonaldiz, eta jende ororentzako bitartekaritza jarduera zenbait antolatuko dira jende mota ororentzat (ikasleak, elkarteak, gaiari buruz lanean ari diren taldeak, Herriaren zerbitzuak, mugaz gaindiko hirien elkarteak, etab.) 2019 eta 2020 urteotan. 2018. urte amaieran, jende talde bat osatu zen jadanik konpainiaren inguruan. Asmoa, ikuskizuna bururaturik denean, 2020ko Antzerkiaren Maiatzean programatzea da.
Bitartekaritza : funtsezkoa proiektu honetan
Artelan batetik abiatuz, bitartekaritza ekintzak proposatuko zaizkie jende mota desberdinei gorputz lanaren inguruan eta erlaxazioaren inguruan, eta gero, prebentzioko profesionalen laguntzaz, gaiaren inguruko eztabaidak antolatuko dira…
Nolako hartzaile motari, adibidez : gazteei (kolegio eta lizeoetako ikasleak), elkarteetako kideei, gizarte zentrokoei, indarkerien biktimen aldeko kolektiboei. Mugaz gaindi ere, Txingudiko lurraldean lan egiteko asmoa dago.
Egutegia
Lehen sorkuntza egonaldia 2018ko urrian egin zen jadanik Hendaian. Aste hartan lehen topaketa antolatu zen genero indarkerien, bikoteen barneko indarkerien eta gizon-emakumeen arteko berdintasunaren alorretan lan egiten duten edo aritu nahi duten boluntarioekin.
Sorkuntza egonaldien eta bitartekaritza ekintzen egutegia aitzina doa pixkanaka.
Hona hemen zenbait topagune:
- 2019ko martxoaren 4an, 16:00etan, Luhuson (Harri Xuri kultura aretoan): konpainiaren egonaldi ateraldia
- 2019ko azaroaren 19tik 29ra: sorkuntza egonaldia Hendaiako Aizpurdi lizeoan
- 2019ko azaroaren 25ean, 18:30ean, emakumeei eragin indarkerien aurkako egunaren karietara, Hendaian (Mendi Zolan kulturgunean: konpainiaren egonaldi ateraldia)
- 2020ko maiatzaren 15etik 17ra, Antzerkiaren Maiatza festibalaren barnean: sortu duten ikuskizunaren emanaldia
Partaideak
Hendaiako Herriko Etxea honako hauetan engaiatu da proiektuan: sorkuntzan, bitartekaritza ekintzetan eta ikuskizunaren hedapenean.
Euskal Elkargoa ere engaiatu da, Hameka karrikako Arte Fabrikaren bitartez, proiektua sostengatzera sorkuntzan eta bitartekaritzan.
Akitania Berriko Kultura Gaien Eskualde Zuzendaritza Aizpurdi lizeoan eginen den azaroko egonaldian da partaide.